UDALA ETA ALECOP ELKARLANEAN

Inicio > UDALA ETA ALECOP ELKARLANEAN

UDALA ETA ALECOP ELKARLANEAN

Udala eta Alecop elkarlanean

ArrasateLan egitasmoak langabeen prestakuntza pertsonalizatua izango du ardatz

2018an zehar 25 pertsonak parte hartuko duten programa pilotu bat abiaraziko du Udalak. Helburua langabe hauen behar eta ezaugarrietara egokitutako formazioa, praktika eta enplegua sustatzea izango da.

Testua eta argazkiak: Hasier Larrea / 2018ko urtarrilak 24, asteazkena

 

Arrasateko Udalak laguntza teknikoa jasotzeko akordioa sinatu zuen Alecop-ekin urrian, 47.300€koa, ArrasateLan proiektua aurrera eraman ahal izateko. Lanbideren zein Garapen Agentziaren Orientazio Zerbitzuekin ere elkarlanean arituko dira  parte hartzaileak.

 

4 fasetako egitasmoa

 

Ohiane Setien Alecop-eko ordezkariak aipatu bezala, “programa honek 4 fase izango ditu”. Gaur egun lehen fasean aurkitzen da proiektua, prospekzio fasean hain zuzen. Udaleko enplegu teknikariak enpresen profilak eta haien enplegu beharrak aztertzen dabiltza orain, baita Arrasateko langabezia datuak eta langabeen ezaugarriak ere. Behin datuok jakinda, Udalak deialdia irekiko du proiektu honetan parte hartuko duten 25 norbanakoak aukeratzeko.

 

Ondoren, orientazio, bitartekaritza eta formazio-enplegu ekintzailetza eskainiko zaie aukeratuei. Plan pertsonalizatuak izango dira guztiak, pertsona bakoitzaren egoera eta beharren araberakoak.

 

Hirugarren prozedura banan banako formazio pertsonalizatu hau martxan jartzeaizango da. Alecop-ek tutoretza eta jarraipena egingo die pertsona hauei.

 

Azkenik, 6 hilabeteko jarraipena egingo du Alecop-ek, laneratze eta ekintzailetza prozesuaren baitan. Hau da, enpresak tutoretzak burutu eta laneratu berri direnen bilakaerak ikusi eta lagunduko ditu.

 

Faustino Alonso Alecop-eko kideak “3 sektoreetako enpresekin lan egingo dutela” azpimarratu nahi izan du. Haren esanetan, “saiatuko gara enpresa konkretu bat bertan lan egiteko profila duen pertsona batekin konbinatzen”. Alonsok ezinbestekotzat jo du eskaera-eskaintza erlazio hau batera joan eta orekatua izatea. Auto-enpleguaren gaia ere kontutan hartuko omen dute, enpresa sorkuntza edo ekintzailetza, alegia.

 

 

Orainalditik etorkizunera begira

 

Aurreikuspen guztien arabera, hemendik urte batzuetara enplegu tipologien %40a berriak izango dira. Aldaketa hau aro digitalak dakarren panorama berriarekin dago lotuta erabat.

 

Juan Carlos Garitano Enplegu zinegotziaren arabera, langabeziaren joera beheranzkoa izaten ari da azken urteetan. “Krisi garaian %16ra iritsi zen langabezia tasa, eta gaur egun %10,89an daukagu”, adierazi du. Emakumeak dira gaitz hau gehien pairatzen duten generoa: %13a dago langabezian egun, gizonezkoen %9aren aldean.

Bestalde, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak dituzten pertsonak dira langabe gehientsuenak.

 

Marga Garmendia Udaleko enplegu teknikariak azaldu duenez, “aipatutako programa piloturako pertsonak hautatzeko orduan, saiatuko gara  datu orokor hauek hezur haragitzen dituzten pertsonak kontutan hartzen gehienbat”.

 

Esan bezala, deialdia aurki burutuko da eta proiektua 2018an zehar eramango da aurrera. Lehen saio honek 25 langaberi eskainiko die arreta, eta Udalak materiala, garraioa eta antzeko gastuak ordaintzeko diru-laguntzak bermatuko dizkie. Egitasmo pilotu honen emaitzak aztertu ostean, Udalak erabakiak hartuko ditu datozen edizioetan langabe gehiago aukeratze aldera.

Deje su comentario